ESLE gara

Nor gara

ESLE elkartea (Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea) 2005eko urriaren 6an eratu zen. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Gasteizen du egoitza.
Euskadiko hemeretzi enpresa aritu ziren ESLE sortzeko hastapenetako lanetan. Enpresa horiek guztiek software librea eta iturburu irekia dituzte beren negozio-ereduaren oinarri, eta lan-eremu zabala hartzen dute aintzat: softwareak eratzetik hasi eta hainbat zerbitzu ezartzera eta eskaintzera bitarte.
Elkarteak, honenbestez, partaide dituen enpresen konpromisoarekin bat egiten du: software librea gizartearen zoko guztietara bultzatzea eta zabaltzea,  eta, batez ere, Elkarteak baliagarritzat duen negozio-eredu bat sustatzea ekonomian —ondorio ekonomikoengatik— eta administrazioan —ondorio sozialengatik—..
Informazioaren gizarte berriak gero eta jakintza-beharrizan handiagoak dituela ohartuta, horiei erantzun nahi die elkarteak, enpresen eta gizartearen eskura jakintza hori jarriz.
Software libreak berritzailea eta lehiakorra izateko bidea zabaltzen die gure enpresei, eta aukera ematen die jakintzaren gizarteko ekonomian aurrera egiteko, kontuan hartuta, betiere, ekonomia hori nazioartean luze eta zabal hedatzen ari dela eta gero eta eskakizun zorrotzagoak dituela.
Aitzindari izan nahi du ESLEk, eta enpresak software librean oinarritutako informatika-sistemak hartzera bultzatu, beste sistema batzuetatik (libreak ez direnetatik) software librerako igarobidea egokiro egiten lagunduz.
Era berean, teknologia libreen aurrerapenak eta garapenak eta produkzio-prozesu guztietan izan duten eraginak informatika-industriak nahitaez egin behar duen birmoldaketa-prozesuaren euskarri izan nahi du ESLEk.
Hala, bada, hainbat jarduera prestatzen ari da elkartea, guztiak ere software librea sustatze-aldera: kanpainak, ikastaroak, ikerketa-proiektuak, zabalkunde-jardunaldiak eta, oro har, software librearekin lan egiten duten enpresen zerbitzuak hobetzeko jarduketak.